JAKINGARRIAK
-
Iraultza hippya botxoan
Aurton 50 urte bete ditu ZINEBI-Bilboko Dokumental eta Film Laburren Zinemaldiak, eta jakina, denbora tarte horretan pasadizo bat baino gehiago bildu du. Xelebreenetako bat 1970ean gertatu zen. “Woodstock” dokumentala eman zuten ordukoan. Dokumentalaren ardatza zen 1969ko abuztuan New Yorken egindako musika eta arte jaialdia, zalantzarik gabe inoiz egin den rock jaialdirik entzutetsuenetakoa. Garai hartan, gauza berrien egarri handia zegoen gazteen artean, eta ZINEBI leku egokia zen egarri hura asetzeko. Hala ba, euretako asko pilatu ziren Gran Vía zinema-aretoaren “Woodstock” ikusteko asmoz. Baina hainbeste pilatu ziren, zalaparta ikaragarria sortu eta aretoko ateak ere apurtu zituzten, eta polizia etorri zen…
-
Bilbo: klase handikoa.
Ba al dakizue ZINEBI-Bilboko Dokumental eta Film Laburren Zinemaldia dela Estatuan A maila duen bakarra? Ba, halaxe da. Izan ere, asko dira dokumentalen zinemaldiak, eta are gehiago film laburrenak, baina denak ez dira maila berekoak. Bilbokoa da A mailako bakarra. Bilbokoa izatea zerbait bada, ezta? Baina, ez, ez ezazue pentsa A mailaren kontu hori bilbotar batek asmatutako handikeria dela. Ez horixe. FIAPF-Filmen Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak erabakitzen du zinemaldi bakoitza zein mailatakoa den: A mailako zinemaldia edo bestelakoa. Beraz, alde batetik dago ZINEBI-Bilboko Dokumental eta Film Laburren Zinemaldia, eta beste guztiak, bestetik. FIAPF nazioarteko erakundea da, eta 22 herrialdetako zinema ekoizleen 25 elkarte biltzen ditu. 1933an sortu zuten, eta beste eginkizun askoren artean, mundu osoko zinemaldiak arautzen ditu: akreditatu egiten ditu eta kalitate hierarkia batean sailkatzen, teknologia eta antolakuntza irizpideen arabera. Gaur egun duen izena 2000. urtean, 42. edizioan jarri zitzaion gure A mailako zinemaldiari. Baina lehenago beste zenbait izen ere izan zituen: Bilboko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Lehiaketa eta Iberoamerika eta Filipinetako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Lehiaketa, besteak beste.